Urriaren 3an hasiko ditugu
klaseak, bai Andoainen eta baita Tolosaldean ere. A1etik hasi eta C2ra
arteko mailak eskainiko ditugu, aurrez-aurreko klase bidez zein
autoikaskuntza bidez.
15 talde ditugu orotara, eta aurten bereziki arrakasta izan duena AISA ikastaroak izan dira.
Gogotsu gatoz ikasturte berrriari heltzeko. Maila ugaritako ikastaroak eskainiko ditugu aurtengoan ere, eta bereziki pozten gaitu AISA ikastaroek izan duten arrakastak. Ikastaro horiek jatorri atzerritarra dutenei eskainita daude, eta Andoainen, hain zuzen, bi AISA talde atera dira, goizekoa eta arratsaldekoa. Kolektibo berezia izanik, Andoaingo Udalak finatzatu ditu, eta bistan da izan duen harrera ona. Beraz, euskara gertuago biziko dute Andoaingo hainbat herritarrek.
Villabonan ere AISA talde bat atera da, eta hurrenez
hurren ondorengo herrietan ere emango ditugu klaseak: Zizurkilen,
Anoetan eta Alegian.
Ikastaroez gain, bestelako zerbitzuak ere
eskaintzen ditugu, beti ere, euskara kalera ateratzeko helburuarekin,
herritarrak euskaldun aktibo bihurtzeko helburuarekin. Mintzalaguna da
egitasmo horietako bat.
Urte asko dira Andoainen egitasmo hau martxan dagoenetik, eta partaideak gustura sentitzen direla aitortzen dute. Helburua da euskaraz aritzeko espazioak eskaintzea, eta euskaraz praktikatu nahi duenari aukera eskaini nahi diogu horretarako, lagun giro atseginean euskaraz jarduteko. Horretarako ezinbestekoak ditugu bi partaide mota: bidelaria, euskaraz praktikatu nahi duena, eta bidelaguna, euskaraz hitz egin nahi duenari lagundu nahi diona, eta beraz, euskaraz aise edo erraztasunez moldatzen dena. Batez ere, azken horien beharra dugu, beraz, herritarrak gonbidatu nahi ditugu Andoaingo Mintzalagunean parte hartzera.
Udazkenarekin batera hastera goaz bidaia honetan. Euskaratik eta euskaraz, euskaraz bizi nahi dugulako.

0 Iruzkinak