Andoaingo Mintzalaguna programan izena emateko epea zabaldu da, eta kanpainako leloak dioen moduan, euskara praktikatzeko eta lagun berriak egiteko aparteko aukera da. Aurtengoa 10. edizioa da eta egoera inoizko arraroena izan arren, urtero bezala gogotsu hasi dira.
Mintzalagun taldeak astean ordu batez batzen dira mintzapraktika egiteko, eta parte hartzaileek batzeko tokia eta ordutegia aukeratzen dute. Horretaz gain, urtean zehar ekintza osagarriak antolatzen dira aisialdiari begira: irteerak, hitzaldiak, kultura jarduerak...
Dena den, ezin da ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, berbalagun taldeetan eta ekitaldi guztietan beharrezko prebentzio neurri guztiak aintzat hartuko dira. Horren haritik, eta aurrez aurreko eskaintzari osagarri moduan, martxoan abiatu zen eskaintzari jarraipena emango zaio, esaterako, urriaren amaieran mintzapraktika ONLINE taldeetan parte hartzeko aukera egongo da.
Herriko euskararen erabileran eragiteko konpromiso irmoa dute Andoaingo Udalak eta Andoaingo AEK euskaltegiak, eta beraz, mintzapraktika programak horretan eragin nahi du, Andoain euskaldunago eta biziagoa egiten.
0 Iruzkinak